Pages

2020/04/26

GERNIKA, EUSKALDUNOK MUNDU AURREAN

Gernika hiri irekia da. Irekia Euskal Herrira eta mundu osora. Bonbardaketa haren 83 urte bete dira gaur. Dena ezkutatu, dena gezurrez ilundu nahi izan zuten. Gernikako sinboloa bihotzean gordetzen dut. Euskaldunon erreferentzi ezaguna Gernika da. Eskerrak Picassori eta bere koadro erraldoiari.

Gernikan osatu zen lehen euskal gobernua, hilabete batzuk lehenago, Agirre lehendakariaren inguruan ( urriaren 7an). Apirilaren 26an, bonbardaketa suntsitzailea heldu zen. Gezurraren eta errepresioaren garai luzeak jasan behar izan ditugu. Zenbat kostatu izan zaigun hori iraultzen eta egia ekartzen!

Egia eta oroimena ezinbestekoak dira bizirik irauteko. Tristeena, niretzat, Estatu espainarrak ez duela inoiz aitortzen ez aitortuko. Dena gezurtatu eta guztia ukatzen du. Errealitatea okertu, sinboloak manipulatu... Gernika gudariek erre zutela zabaldu. Nik hala entzun nuen tikitatik, baina ez etxean. Zorionez edo zoritxarrez gure familian bagenekien egia zein zen. Gurasoak haurrak ziren orduan. Oiz mendi azpian bizi izan ziren. Lekuko zuzenak izan zirela esan dezaket hanka sartzeko beldurrik gabe. Ez zuten ahaztu inoiz. Ez ziren gai izan irudi latz eta bonben zarata beldurgarria burutik kentzeko.

Oraindik ere, 83 urte pasa ondoren, entzun behar Franco hil zela eta kontu horiek zaharrak omen dira. Hobe dela ez aipatzea. Hobe ez eragitea hortan. Estatuak ez du erantzunkizunik aitortu nahi. Ez dutela zerikusirik dio oraindik. Ezin dela inoiz ezer frogatu. Badaezpada, Francoren artxiboak guztiz itxita jarraitzen dute.

Euskal Herrian ondo dakigu Gernikako bonbardaketaren txikizioa noren ardura izan zen.


OROIMENERAKO BINETAK

2020/04/18

CORONABIRUSA/COVID-19

Hilabete luze COVID-19 dela eta etxean sartuta gaudela. Egunak joan dira...ez alferrik. Inoiz baino gehiago irakurtzeko aukera izan dut. Inoiz baino atsedena hartzeko denbora gehiago. Isil-uneak, hausnarketa uneak, musika entzuteko tarteak...ordu asko geldirik baina hala ere nahi izan dudan guztia egiteko astirik ez dut oraindik. Egunak, orduak eta minutuak ondo erabili ditudala uste dut. Une bakoitza bizi eta aprobetxatzen ari naizela pentsatzen dut. Sarritan bururatzen zait - itxialdi hau heldu aurretik ere - nire bizitza erraztu eta era xinplean bete beharko nuela. Ez dudala zertan bizkor ibili beharrik, gerora begira...une bakoitza disfrutatu, inguruan dudan edertasunaz ohartu eta lasai bizi.
Oraindik ez dakigu noiz bukatuko den itxialdia. Paseoak faltan botatzen ditut. Etxetik soilik, telelana eginez, klaseak ematea arraroa egiten zait. Bakardade laborala nabaritzen dut. Betiko ohiturak betirako galdu ote ditudan galdetzen diot nire buruari.